HEGOAk –Nazioarteko Lankidetza eta Garapenaren Ikerketa Institutua– eta Euskal Herriko Unibertsitateak –EHU/UPV– elikadura merkaturatzeko bide berriak aztertzeko ikerketa-proiektu bat proposatu dute. Helburua, merkatu-bide berri horien potentzialtasuna handitzea litzateke, lehen sektorea sustatzeko elementu eragile gisa.

Zentzu horretan, eta Hegoaldeko kontsumo kooperatiben eskaintza agroekologikoa dibertsifikatzeko beharrizanetik abiatuta, Iparraldeko ekoizleek eskaintzen dituzten elikagaiak eskuragarri jartzeko Horniketa Unitate (HU) baten egituraketa landu da. Kontsumo Kooperatibak hornituko lituzkeen mugaz gaindiko HU bat alegia, merkatu-bide berri bat irekiko lukeena.  

Beraz, Ikerketa proiektu honetan, Elikadura Sare Alternatiboen arteko lankidetzaren bidez, mugaz gaindiko logistikaren garapenak bete beharko lituzkeen ezaugarriak eta baldintzak aztertu dira. Horretarako, lehen fase batean Euskal Herri mailan garatu diren HUak aztertu dira (Ekoalde eta Iparlab), beraiengandik jaso ahal ditugun ikasketak identifikatzeko. Bigarren fase batean, ikasketa horiek kontsumo kooperatibekin kontrastatu eta mugaz gaindiko HUaren bideragarritasunari lotutako aurre-diagnosia osatu da.