Ikerketaren aurrekarien eta diseinuaren azterketatik abiatuta, Gipuzkoako tokiko ekoizleen hamar merkatu hautatu dira, nahita: Zumarraga, Bergara, Arrasate, Zarautz, Azpeitia, Eibar, Ordizia, Tolosa, Donostiako Ibiltaria, eta Bretxa. Merkatuak hautatzeko irizpide estrategikoek ezaugarri partikularrei egiten diete erreferentzia: hirikoa/landa eremukoa, tradizionala/garaikidea, astekoa/asteburukoa, maiztasuna eta kokapena, tokian-tokian adierazgarriak diren merkatuak.

Ikerketak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du, Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioaren baitan garatu da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde batek burutu da.

Funtsezko ordezkariekin (nekazaritza ordezkariak, eskualdeko elkarteak eta toki administrazioko teknikariak) egindako elkarrizketa erdi-egituratuen bidez, eta azoketan parte hartzen duten ekoizleei eta kontsumitzaileei egindako inkestek emandako datu enpiriko kuantitatiboen bidez, Kluster Analisiaren estatistika-teknika inplementatu da.

Ikerketaren helburu zehatzak honakoak izan dira:

  • Tokiko nekazarientzako azokek komertzializazio bide gisa duten garrantzia balioztatzea
  • Tokiko ekonomian tokiko azokek duten garrantzia balioztatzea
  • Tokiko azokek beste tokiko merkaturatze aukerekin eta tokiko ekonomiako beste sektore batzuekin (zerbitzuak, merkataritza, ostalaritza,…) sortzen dituzten sinergiak eta harremanak balioztatzea
  • Tokiko azokak nekazarien beste merkaturatze bideen eremuan eta Merkaturatze Bide Laburretan (MBL) eta lurraldearen elikadura estrategia batean aztertzea
  • MBLen bilakaera ekonomiko eta soziala ebaluatzeko tresna metodologikoa garatzea, merkaturatze bide horietan garatutako estrategien eragina balioztatzeko aukera ere izateko

Azterketa ikusgai: https://www.urkome.eus/foto/AZOKEN%20eragin%20ekonomiko%20eta%20soziala.pdf