Aintzira
Oñederra
Aramendi
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Ingurugiro Zientzietan lizentziatua, eta Andaluziako Unibertsitate Internazionalean Agroekologia masterreko ikasketak egina. Elikadura Sistema Alternatiboetan egituratzen den gobernantza ereduaren inguruko doktorautza tesia egin du Instituto de Estudios Campesinos-en (ISEC-UCO). Ekoizpen sistema agroekologikoekin, landa garapenarekin eta proiektuen bideragarritasun sozio-ekonomikoarekin lotutako hainbat ikerketetan parte hartu du. Horrez gain, dinamizazio agroekologikoan oinarritutako proiektuak ere koordinatu ditu, tokiko elikadura estrategiak eta jangela kolektiboen horniketarako unitate kolektiboak, besteak beste. Bestalde, Euskal Herriko Berme Sistema Parte-hartzailea egituratu asmo duen mugimendu agroekologikoko (EHKOlektiboa), talde eragileko partaide aktiboa da.
Goiuri
Alberdi
Aresti
Giza Nutrizioan eta Dietetikan lizentziatua (Robert Gordon University, Eskozia) eta Nutrizioan eta Osasunean Doktorea (UPV/EHU). Euskal Herrian ez ezik, Eskozian eta Irlandan ere egin du bere ikerketa-ibilbidea. Bere ikerketa osasun publikoko eta elikadurako proiektuetan oinarritu da. Azken urteotan, elikadura-sistemen eta sistema agroekologikoetarako trantsizioaren inguruko ikerketa-proiektu kualitatibo eta parte hartzailetan zentratu da. Bere lanen artean, Euskadin 2030erako elikadura-sistema iraunkor baterako beharrezkoa den ikerketa- eta berrikuntza-estrategia definizioaren lanketa, bai eta osasun-sistemetako elikadura-sistemak jasangarritasunerantz igarotzeko adierazle-sistema baten garapenak aurki daitezke. Elikadura sistema agroekologikoak osasun komunitarioa bermatzeko giltzarritzat hartuta, interesa du eremu horretan tokiko proiektuak gauzatzeko.